XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GANBARATIK

Iparrik gabeko Hegoa

ENEKOITZ ESNAOLA

Baionako Ituna, Jarrairen martxa, duela hiru urteko Hondarribi eta Hendaiako Aberri Eguna, aurtengo Maulekoa.

Donibane-Garaziko intsumisioaren aldeko manifestaldi entzutetsua, urteroko Herri Urrats, talde politiko batzuen elkarlana, mugen desagerketa... baina, alta, oro har, Hegoaldeak ez du Iparraldea ezagutzen.

Non dagoen jakin, badaki, egunero ikus dezakelako eguraldi mapetan alderdi popularrari ez zaio hori ongi iruditzen, baina ez pentsa, Iparraldeko euskal mundu zaleok, beste askorik dakienik Hegoaldeak zuetaz.

Keba.

Seguruenik, bene-benetan, bakanen batzuek baizik ez dira kezkatzen zuetaz.

Hor ere kopurua ez da hagitz handia, baina.

Besteen artean, berriz, batzuk Angletera (ez Angelura) joaten dira erosketak egitera, besteak Hendaiako hondartza nudistara, eta beste askok, mordoak, ezta zapaldu ere zuen ingurua.

Kezkatzen ez direnen artean galdetzen duzu Iparraldeko euskaldunen kopurua zenbatekoa den, eta ideia zorririk ez.

Zer moduz ikastolak?

Ezjakin.

Abertzaleak?

Alderdi bakar baten izenik ere ez dakite.

Zer ote maskarada?

Zer pastorala?

Euskal-frantsesak zarete Hegoaldekoentzat, errealitate gordin hau tristea baldin bada ere.

Horrelakoak gara hegoaldetar gehienok.

Ez egin ilusio handirik zuek, faltsuak izango direlako.

... eta gero diote Euskal Herriak zazpi probintzi dituela.

Eguraldi mapan izan beharko ditu.